Nire iritziz, psikoterapiak ez du moralizatzailea izan behar: ezin da izan ez ebanjelio bat, ez onerako gida bat. Psikoterapiaren jarrerak erabat etikoa izan behar du bi zentzutan: alde batetik, terapeutak hainbat konpromiso etiko dauzka kontsulta egiten duen pertsonarekiko (sekretu profesionala…); beste alde batetik, terapiaren ikuspegia edo helburua etika horren gainean ardazten da. Alde horretatik, norbaitek terapia egiteko nahia balu bakar-bakarrik bere burua errugabetzeko, zuritzeko edo arintzeko asmoz, nik, terapeuta gisa, ez nuke onetsiko. Terapiaren jarduna ez da bideratzen pazientearen interes indibidualista, lasaitasuna eta aldartea asetzera, baizik eta haren bakantasuna eta berezitasuna lantzera. Terapiaren xedea nork bere tranpak eta manipulazioak aztertzea da, baita aztoratzen gaituztenean ere (eta, bereziki, orduantxe).

Psikoterapia ez da moralizatzailea, eta ihes egiten dio idealismoari, ez baitu izateko modu jakin bat ahalbidetzen eta goratzen. Terapeutak ez du sustatzen jokabide jakin bat, horrela eginez gero pazientea baldintzatuko bailuke bere iruditeriarekin (gustua, estiloa, lehentasunak). Psikoterapiaren jarrera etikoa da: sekretuan dagoenaz arduratzen da, lurpekoaz, higuingarri zaigunaz, norbere infernuez, itzalpekoaz, geure bazter guztiez.

Uste denaren kontra, askotan psikoterapia ez da erosoa, edo ez da, behintzat, spa bat izan daitekeen moduko erosoa. Terapeutak entzute jakin bat eskaintzen du, entzute arretatsua, irekia, aurreiritzirik gabea. Autokondeszendentziatik, bakoitzari “komeni” zaionetik eta oportunismo indibidualistatik urrun, psikoterapiak norbanakoaren gain jartzen du berriz ere norbere inplikazioaren gaineko erantzukizuna. Horrek ez du esan nahi terapeutak pazientea bultzatzen duenik edo hari exijitzen dionik, baizik eta terapeutak ezin diola prozesuaren zailtasuna arindu. Hori horrela, terapeutak ez ditu sustatzen pazienteak norberarena saihesteko egin ditzakeen ahaleginak, ez eta norbere erantzukizuna besteengan jartzeko egin ditzakeen saiakerak ere. Errespetu eta onarpen handienarekin bihurtzen da pazientearen bidelagun, eta babesa ematen dio bere burua lurralde ezezagunetan zehar ezagutzen jarrai dezan. Horrela, esan genezake psikoterapia eroso eta zainduta sentitzen garen espazio bat dela, zeinetan kontu deserosoei heldu baitiezaiekegu. Terapian, paziente gisa, sarri esaten ditugu geuk esandakotzat ere joko ez genituzkeen gauzak, itsusiak iruditzen zaizkigun gauzak, ia-ia terapian baino esango ez genituzkeenak. Ez gara horrelakoak esaten tematzen; besterik gabe, horrelaxe ateratzen dira. Psikoterapiak aukera ematen digu geure buruari ezezagun bati bezala begiratzeko eta geure burua deskubritzeko. Terapeuta ez da gida, terapeutak ez du doktrinatzen ez laguntza ematen; aitzitik, kontakturako aukera ematen du, konfrontaziorako, gauzak argitzeko, bereizteko… betiere, errespetu handiz. Terapeutaren plana ez da ezer aldatzea, gidatzea edo desegitea, baizik eta aitzakiak, justifikazioak… ez sustatzea. Era berean, ez ditu babesten hipotesi zaharrak edo azalpen distortsionatuak, eta ez du egiten horien aurka ere; seinalatu egiten ditu, bultzatu gabe eta inolako aldaketarik eskatu gabe. Terapeuta aktiboa da, baina ez da gidaria; errespetuz jokatzen du, baina ez du bilatzen atsegin ematea. Ez dio erantzuten pertsona bere ingurura “zuzen” moldatzeko eskariari, ezta sintoma ezabatzeko eskariari ere.