Niretzat, eta paziente gisa diot, terapia egitea ohiko esplikazio eta itxaropen estereotipatuetatik kanpo dagoen espazio batean sentitzea da. Prozesua pazientearen eta terapeutaren arteko loturaren bitartez gertatzen da, bien arteko kontaktuaren bitartez. Terapiaren ezaugarri nagusiak hauek dira: entzutea, errespetua eta lasaitasunik eta autokondeszendentziarik bilatzen ez duen onarpena. Nire jardunean ez dut esku hartze baliabide bakar bat erabiltzen arazo mota ezberdinetarako. Era berean, ez dago ez saritzen den jokabiderik, ez zigortzen denik. Galdeketaren bidez gauzatzen da prozesua; horixe da modua.
Jarraitu irakurtzen…
Esku hartze motari dagokionez, beste marko terapeutiko batzuetan ez bezala, ez zaizkit interesatzen diagnostiko bakoitzarentzako baliabide partikular eta bereziak; izan ere, besteak beste, nik ez dut lan egiten errotulu baten gainean, pertsonarekin egiten dut lan, pertsona bakoitzarekin. Halaber, ez dut lan egiten sintoma ezabatzeko, nahiz eta askotan desagertu egiten den (dena den, terapiaren ondorio bat baino ez da izaten sintoma desagertzea). Gainera, terapian garrantzitsuena ez da hainbeste zein teknika edo baliabide erabiltzen den (terapeuta eta paziente bakoitzak egokiena zaiena erabiliko dute), baizik eta entzutea eta esku hartzea nola eta zertarako egin zehazten eta mugatzen duen marko teorikoa zein den; marko horrek ematen dio zentzua prozesu osoari.
Zertarako da?
Nolakoa da?… baliabideak, teknikak
Entzutea/entzute mota Lotura terapeutikoa Iraupena
Terapeutak ez du sustatzen jokabide jakin bat, horrela eginez gero pazientea baldintzatuko bailuke bere iruditeriarekin (gustua, estiloa, lehentasunak). Lanketak aukera ematen du etengabe kontzientzia hartzeko (ez, ordea, hobetzeko), bai eta norbere buruari galderak egiteko eta norbere buruaren errezelotan egoteko ere, ziurtasun batzuk zalantzan jartzearekin batera. Suposizio batzuk erortzean (esate baterako: “Beste guztiek ulerkorrak izan behar dute nirekin” ), airean geratzen dira
nire sufrimendua esplikatzeko balio zuten argumentuak eta justifikazioak, eta, beraz, berrikusi egin behar dut neure jarrera halabeharrez.
Jakina, terapeuta gisa, erantzukizun handia daukat. Nire lana ez da oztopatzea, ezta gidatzea ere, baizik eta kasu batzuetan esku hartzea: alde batetik, beharrezkoa denean zerbait bereiztea, argitzea, hitzez adieraztea edo azaleratzea, eta, beste alde batetik, beharrezkoa denean usteak, sineste faltsuak, eta pertzepzio eta kognizio failak seinalatzea eta horiei aurre egitea. Nire lana da itzalpean izoztuta, isilduta edo baztertuta geratutakoa adierazteko eta integratzeko bidean laguntzea. Nire lana da, halaber, errepikapenerako joera seinalatzea, baliabideen aukera zabaltzeko eta aukera gehiago eduki ahal izateko eskura. Funtsean, kontua da inguruaren sostenguan oinarritu beharrean (ingurukoak aldatzeko zain egon beharrean) norbere barneko sostengua garatzea (autosostengua);
hau da, planteatzea norberak zer egin dezakeen dagokionaren barruan. Horrek ez du zerikusirik jarrera indibidualista edo autosufiziente batekin, ez eta besteari men egitearekin ere; alderantziz, zerikusia du norberari, nolabaiteko autonomia daukan pertsona heldu bati, dagokiona onartzearekin eta ardura hartzearekin.
Ez dago ez inolako planik, ez inolako gidoirik saio batean zer egingo dugun aurrez jakiteko. Prozesuak elkarrizketa harremanaren gainean gertatutako topaketan aurkitzen du bere bidea, eta elkarrizketa harreman horretan garatzen dira, hain zuzen ere, anekdotaren atzean ezkutatzen diren gaiak.
Entzuteko moduari dagokionez, nik ontzat ematen dudan entzute psikoterapeutikoa guztiz ezberdina da normalean (bai eguneroko esparruetan, bai osasun eta teknologia esparruetan) profesionaltzat jotzen den entzutetik.
Oro har, norbait gu entzuten ari denean, haren ondorioren bat bueltan jasotzea espero izaten dugu, gida, laguntza, gomendio edo konponbide moduan balio dezakeen ondorioren bat. Eta hori guztia, jakina, oso ondo dago, estrategiak eskatzen dituzten kontu teknikoetarako; esate baterako, autoa tailerrera eramaten baldin badut, espero izaten dut mekanikariak gomendio edo konponbide errazena eta eraginkorrena ematea. Entzuteko modu hori oso egokia eta beharrezkoa da kontu askotarako, izan ere, entzute hori konponbide eraginkorrak eskatzen dituzten beharrizan edo arazo zehatzetara bideratuta dago. Baina zer gertatzen da beste gizaki baten moduak, bizipenak eta tolestura partikularrak entzuten ditugunean? Kasu horretan, adituaren entzuteak ez dauka aldez aurreko erantzunik; ez dago erantzun bakar bat “arazo berarentzat”. Inor eta norbera entzuteak nolabaiteko hustea dakar, eta hori egin ahal izateko ezinbestekoa da norberak aldez aurreko iritzirik ez izatea gertakarien inguruan eta gertakarioi buruzko norbere esplikaziorik ez inposatzea besteari.
Gustatzen zait nola adierazten duen Anne Dufourmantellek: “Ahalik eta denbora gehien geratzea jarrera jasangaitz horretan, zeinetan barruak zain egotea eskatzen baitio norberari… Eta ez fidatzea aurrez fabrikatutako eta zuzendutako inolako kontzepturekin. Ahalik eta gehien aldentzea jarreretara, erantzunetara eta ziurtasunetara ainguratutako pentsamendutik eta, hala eta guztiz ere, pentsatzeko gai izatea”.
Entzuteak esan nahi du norbere burua bestearen esperientziara zabaltzea eta, aldi berean, adi egotea horrek guztiak zer eragin daukan norberarengan. Hari batean egotea esan nahi du, ez jakitea: ekilibrismo modu bat da, aldi berean kanpoan eta barruan egotea eskatzen duelako. Pazientearekin gertatzen zaionak eragin egiten dio terapeutari; terapeutak erresonantzia kaxarena egiten du: ez da hartzaile neutro huts bat, ezerk eragiten ez dion odolgabe bat. Alabaina, ez da erdijainko bat ere: ez dago esperientziaz harago, baina ez dago, ezta ere, esperientzian kateatuta. Bere buruari uzten dio entzuteak eragin diezaion, eta erakusten du bere hunkidura ere, baina pazientearen gain hustu gabe. Norbere ikuspegia besteari ezarri beharrean eta bestearekin itsu-itsuan identifikatu beharrean, esplizitatu egiten du han-hemen azaleratutako informazioa. Horretarako, behar-beharrezkoa da erabat erne egotea eta entzutea pazienteak zer esaten duen eta zer isiltzen duen, eta aditzea, baita ere, keinuak, detaileak, nahasmenduak, airean geratzen dena edo terapeutaren gorputzera itsatsita geratzen dena. Esate baterako, terapeutak honako hau esan dezake: “Itxaron, nahasten ari naiz, ez dut ulertzen”, “Zeu entzun eta triste jartzen ari naiz, gertatzen zaizu zeuri ere?”… Terapeutak ez du interpretaziorik egiten, bakar-bakarrik adi-adi entzuten du, zerbait zehatzaren bila ibili gabe. Eta hain zuzen ere orduantxe azaleratu, ikusi edo bistaratu daiteke ezkutuan zegoena. Terapeutak, azken finean, gehienentzat hutsala den hori entzuten du.
Beste kontu garrantzitsu bat muga ondo ezagutzea da: terapeuta gisa (ezta beste edonola ere), ezingo naiz oso-osorik jarri bestearen azalean. Kontaktua egiteak, presente egoteak, bestearekin
batera egotea esan nahi du; alabaina, ezberdindu egin behar da bestearekin sentitzea eta bestearena sentitzea. Bereizketa hori garrantzitsua da; izan ere, pazientearekin bat egitearen irudipen edo ameskeria horrek sinplifikazio bat, sentiberatasun falta bat edo bestea norbere esperientziara eta esplikaziora murriztea ekar dezake. Honako hau da gakoa: galderak egitea, ezer aintzat ez ematea, ulertzen ahalegintzea, neroni konturatzea noiz eragiten didan zerbaitek eta nola eragiten didan…
Lotura terapeutikoa da horretarako tresna eta euskarria. Baina zer esan nahi dut horrekin? Kontsulta egiten duen pazientea bere esperientzia hitzen bidez adierazten hasten denean abiatzen da prozesu terapeutikoa, kontsultara daraman hori eta bertan azaleratzen doan hori hitzen bitartez aditzera ematen hasten denean. Elkarrizketa horren gainean egiten du aurrera terapiak. Terapeutaren jarrerak ezaugarriok izan behar ditu: errespetua, onarpena, irekitasuna, harkortasuna eta sentiberatasuna. Horrek ez du esan nahi, ezta gutxiago ere, terapeutak inozoa izan behar duenik, ez eta derrigorrez gozoa izan behar duenik ere, eta are gutxiago aingeru bat izan behar duenik. Uste dut terapeutaren ekarpenak zerikusi handiagoa duela nolabaiteko buruargitasunarekin, errespetuarekin, onarpenarekin eta maitasunaren gordintasunarekin. “[…] Maitasuna ez baita habiatxo epel-epel bat […]. Ez, batzuetan maitasuna izotza bezalakoa da […]”, esaten du Anne Dufourmantellek. Jakina, horretarako marko terapeutikoak eskaintzen ditu baldintza zehatz batzuk, beste mota bateko enkontru eta hizketaldietatik bereizten dituen baldintzak hain zuzen ere.
Jorratuko diren gaiak ez daude aldez aurretik zehaztuta. Ez dago aurretiazko ideiarik zehazteko zein den hizketagai garrantzitsua eta zein ez; era berean, ez dago, a priori, hierarkia jakin bat, ez eta plan jakin bat ere. Terapian dagoenak lasai asko hitz egin dezake kalean zein gizartean arazotzat jo ez arren beretzat arazo bat den edozein gairi buruz. Hitz egin dezake lotsa ematen dion horretaz ere, nahiz eta berak uste izan onartezina dela edo ergelkeria bat dela. Psikoterapiaren alorrean ez dut onartzen sufrimenduaren hierarkiarik. Izan ere, gauza bat da onartzea sufrimendua eragiten digun hori gertakari larri bat den ala ez den, baina beste gauza bat da pertsona bakoitzari nola eragiten dion gertakari horrek eta zein modutan bizi duen. Hain zuzen ere, norbere bizipen horri berorri lotutako auziak dira terapian lantzen direnak. Zentzu horretan, ez dago hierarkiarik, ez epaimahairik, ez epailerik, ez epairik esango duenik zein arrazoigatik sufritu dezakeen pertsona bakoitzak eta zein arrazoigatik ez den zilegi sufritzea. Aldi berean, ez dago epemugarik sufrimendua onargarritzat jotzeko edo behin epemuga igarota sufrimendua onartezintzat jotzeko. Lotura terapeutikoa ez da ez solemnea, ez astuna, ez aspergarria: zenbait arauk zuzentzen dute, eta horien artean dago, nire iritziz, terapeuta ez izatea ez autoritarioa, ez kontrolatzailea, ez diziplina ezarlea, ez zigor ezarlea, ez eta puritanoa ere. Jakina, terapeuta gisa, lan marko bat ezartzen dut lana zertarako egingo den zehazteko, nire konpromiso etikoa definitzeko, sekretu profesionala bezalako oinarrizko arauak espezifikatzeko, saioak zenbatean behin egingo diren zehazteko, zenbat diru balioko duten argitzeko…
Prozesu baten iraupenari dagokionez…
“Gauzak ‘heldu’ egiten direla onartzea da dialektika, hau da, onartzea gauzak ez direla ‘bat-batean’ iristen; dialektika da, era berean, desioaren eta fantasiaren aukeraren zain ez geratzea, zeinaren ezaugarria baita ‘berehalakotasuna’…”
Barthes. Maitasunezko hitzaldia.
… ez dago inolako protokolorik; azken batean, pertsona bakoitzak noraino sakontzeko asmoa daukan, horren araberakoa izaten da prozesua. Gai bat ez dago konponduta edo konpondu gabe: gai bakoitzak zenbait dimentsio dauzka, zenbait kontzientzia maila, zenbait tolesdura. Prozesu terapeutikoa ez da konponketa tailer bat. Bizitza, nire
ustez, ez da konpondu beharreko arazo bat; izatez, ez da arazo bat ere. Hala ere, hau ez da adierazpen idealista bat, sufrimendua eta larritasuna ukatzeko asmoa daukana. Alderantziz, engainagarria iruditzen zait (are gehiago: iruzur bat da) inolako larritasunik gabe eta norbere buruarekin erabateko adostasunean bizi daitekeen bizitza baten publizitatea egitea. Bizitza mota hori egoera narkotiko eta deskafeinatu antzeko bat izango litzateke.
Egon badaude bizitzaren gaineko ikuspegi kontrajarriak, baina, azken batean, iruditeria berberaren parte direnak: alde batetik, esate baterako, “bizitza oztopo lasterketa gisa” edo “irabazi beharreko gerra gisa” irudikatzen duen ikuspegia dago; eta, beste alde batetik, aurreko ikuspegiaren ifrentzu modura, entzuten ditugu honelako esaldiak ere: “Zoriontasuna norberak egindako esfortzuaren araberakoa da” edo “Utz ezazu zeure burua bizitzaren jarioaren mende, eta bizitzak berak ekarriko dizu”. Uste dut bi ikuspegion oinarrian ideia berdintsu bat dagoela: kontrolatu beharreko errealitateak direla bai bizitza bera, bai norbera. Testuinguru horretan, psikoterapia ulertzeko modu batzuek gimnasio moduko batekin parekatzen dute psikoterapia, zeinetan giharrak landu eta artilleria prestatu baitaitezke bizitzari aurre egiteko edo bizitza paradisu bilakatzeko. Autoestimua, estrategiak, ahalduntzea, autokontrola, norbere buruarenganako segurtasuna, asertibotasuna… dira psikoterapia molde batzuek bilatzen eta agintzen dituzten ezaugarriak. Honako mezu hau iradokitzen dute: “Ondo egiten baldin baduzu, ez zara gaixotuko, gogobeteta sentituko zara, lortu egingo dituzu zure helburuak”. Azken batean, zoriontasuna komertzializatzen duen erlijio berri bat da, ideal berri bat aldarrikatzen duena: sintomarik gabeko bizitza bat, norbera “erabat gogobetetzen duena”, eta norbere gaitasunak garatzeari esker arrakasta ekarriko duena, larritasunik eta nahasmendurik sentitu gabe, eta den-dena kontrolpean izanda.
Badirudi ikuspegi horien helburua (oso hedatuta daude ikuspegiok, baita psikoterapiaz harago ere), honako hau dela: bizitzak norberari zenbat eta gutxiago eragin, orduan eta hobe. Eta horretarako, norbere burua bizitzarengandik defendatzeko, entrenatu egin behar da, estrategiak garatu behar dira. Boterea edo ahala da bilatzen dena, edo, “psi”-ko argotean esanda: ahalduntzea. Niri neuri, ez zait interesatzen psikoterapia mota hori, borondatearen esfortzu hutsak gidatutako bizitzaren, zuzentasun psikologikoaren eta asepsiaren instituzio bilakatu nahi duena. Niri grina pizten didan psikoterapia gauzak gertatzeko espazio bilakatzen den hori da; izan ere, horixe da bere potentzialtasuna. Gustuko dut Alexandra Kohanek esaten duena, Lacanen Maitasunari gorazarre lanetik abiatuta: “Eta bizitzearen poztasun hori ez da pozik bizitzea, baizik eta pixka bat modu kontsekuenteagoan bizitzea norberak desio uste duen horrekiko… Bizitzearen poztasuna zera da: bermerik gabe bizitzearen ahultasuna onartzea”.
0 Comentarios