Prozesu psikoterapeutikoak, niretzat zentzuzkoa den ikuspegitik behintzat, ez du bermatzen ez pazientea sendatuko denik, ez zoriontasuna aurkituko duenik; era berean, ez du bat egiten pazientearen kexarekin. Hain zuzen ere, eten egiten du autokondeszendentzia, eta ez du eskaintzen arazoa konpontzeko edo ezabatzeko ez gidalibururik, ez agindu sortarik. Terapian ez dago ez epairik, ez aholkurik; terapian entzun egiten da, eta errespetatu eta galderak egin. Topaketa terapeutikoak etenaldi bat sortzen du pazienteak bere burua esplikatzeko eta justifikatzeko daukan moduan, eta, horrela, arrakalatu egiten da bere buruaz zeukan irudia (autoirudia). Nolabaiteko harridura eta deserosotasuna eragiten du terapiak, eta askatasuna eta baliabidek eskaintzen ditu norberak izatea uste ez zuen hura ere izaten hasteko; horrek guztiak, ondorioz, zerbait berria ahalbidetzen du.

Zentzu horretan, nire iritziz, honako hau da psikoterapiaren helburua: etengabe kontzientzia hartzen laguntzea eta insight-a ahalbidetzea autosostengua garatzeko tresna gisa. Psikoterapiak onura bat bilatzen du: norbere aspektu jakin batzuk argitzea, bistaratzea eta agerian uztea, hain zuzen ere nork beretzat onartu ere egiten ez dituen aspektuak, ez dutenak bat egiten norberak bere buruaz daukan irudiarekin. Horrek guztiak “norberari buruzko kontzeptua” zabaltzea eta malgutzea dakar, eta, beraz, geure burua ez ezagutzera garamatza, eta prozesu hori, batzuetan, deserosoa suertatu daiteke, norberak aurrez sortutako autoirudia (izan uste duguna) itxuraldatzea dakarrelako.

Gizatiarra den oro geure parte dela norbere azalean bizitzeak (ez soilik ideologikoki ondorioztatzeak) tentsio jakin bat dakar; izan ere, ezinbestez, kontraesanen bat azaleratzen du geure buruari buruz genituen usteen inguruan.

Ezin gara bizi autoirudi bat eraiki gabe; alabaina, deigarria da izan uste dugun hori, era berean, ez dela nahikoa “norbera” edo naizena bere osotasunean esplikatzeko, ez da nahikoa neure buruaz ezagutzen ez dudan hori guztia azaltzeko, oso-osorik argitu ezin daitekeen enigma hori adierazteko. Horregatik, psikoterapiaren asmoa da pretentsiorik eta epairik gabeko espazio bat izatea, zeinetan norberak aitortu, susmatu eta onartu baitezake ez dela uste duen hori. Nork bere burua deskubritzeko, edo, beste modu batera esanda, norbere estalkiak eransteko espazio bat. Psikoterapiak aukera ematen du etenaldi bat egiteko, galdera bat egiteko edo pitzadura bat sortzeko ohiko azalpenaren gainean, hau da, geure buruari behin eta berriz errepikatzen diogun azalpen ezagun, autokondeszendente, estereotipatu eta familiar horren gainean, eta horrek guztiak halako harridura bat sortzen du. Itxuragabetu egiten da sostengu gisa balio zigun egia hura, gure sufrimendua azaltzeko erabiltzen genuena. Galdutzat sentitzen dugu nolabaiteko abagune hura, eta hari batean geratzen gara. Baldin eta momentu horretara arte neure buruari esplikatzen banion, esate baterako, errua besteak zeukala, edo nire autoestimu faltak ez zidala uzten zerbait egiten, edo sentiberegia naizela zerbaiti aurre egiteko… eta, baldin eta momentu horretan zalantzan jartzen hasten banaiz orainetik eta nire erantzukizunetik ihes egiteko baliagarri zaizkidan “egia”, esaera, aitzakia edo zuribide absolutu horiek guztiak, bada nire ikuspegia birpentsatu egin beharko dut halabeharrez.