Oro har, norbanakoak psikoterapeuta bati kontsulta egitea erabakitzen du bere jardunbideak edo baliabideak, une horretara arte ondo funtzionatu izan dizkiotenak, baliagarri ez zaizkionean eta ondoeza eta sufrimendua eragiten diotenean. Normalean sentimendu aztoragarriek eraginda jotzen du norbanakoak psikoterapeutaren kontsultara, hala nola suminak eraginda, nahasteak, nazkak, erresuminak, ezintasunak, etsipenak, larritasunak, beldurrak, amorruak, tristeziak, antsietateak… Loturen inguruko gatazkak izan ohi dira, bai gertu-gertuko esparruetakoak (lagunekin, familiarekin, bikotekidearekin), bai esparru sozialekoak (lanean edo, oro har, gizarte harremanetan).

Ohikoa da, era berean, kontsulta egiten duen pertsonak atsekabe orokor bat sentitzea, aurrez identifikatuta izan gabe gai, arazo edo gatazka konkreturen bat: “Ez zait ezer gertatzen, baina ez nago ondo”. Beste kasu batzuetan, kontsultara iristen diren pertsonek ezintasunen bat eragiten duten sintoma klinikoak izaten dituzte, beraien egokitze funtzionala mugatzen dutenak (eguneroko zereginak, lana, norbere buruaren oinarrizko zaintza…)

Esango nuke kontsulta egitera bultzatzen gaituena ondoeza izaten dela, gizaki guztiok berezko dugun ondoeza eta bakoitzak bere erara jasaten duena. Nolanahi ere, psikoterapia egiteko beharrezko baldintza zera da: interesa izatea nork bere burua berrikusteko, hobeto sentitzeko gogo hutsaz harago.

Garrantzitsua da argi uztea kontsulta egiteak ez duela esan nahi, halabeharrez, prozesu psikoterapeutiko batean murgiltzea. Lehendabiziko elkarrizketetan, pazienteak “bere barrua biluzten du”, gertatzen zaion hori hitzen bidez adierazten hasten da, eta, horrela, esperientzia terapeutikora gerturatzen da. Hizketaldi horietan argitzen da nola e t a zertarako aurrera eraman lan psikoterapeutikoa norbere esperientzian. Era horretan, pazienteak erabaki dezake ea ondo deritzon modu horri, marko horri… edo, aldiz, beste zerbaiten bila ote dabilen.