- Terapiak askatu egiten du
Arbuiatzen dugun horrekin, gure aitzakiekin eta gure itxaropen ameslariekin behin eta berriz topo egitea ez da liberazio bat, eta horiek guztiak norbere baitan sentitzea inolako kondeszendentziarik gabe ere ez da liberazio bat. Ez gaitu ezertatik askatzen; alderantziz, norbere erantzukizuna erro- errotik onartzea dakar, eta hori mingarria, deserosoa eta, era berean, oso eraldatzailea da; eta bai, aldi berean, eta paradoxikoki, hori guztia askatzailea ere izan daiteke. Nolanahi ere, uste dut alderantziz izaten dela: iskin ez egiteak (geure burua biktima ez bihurtzeak) askeago egiten gaitu. Paradoxa bat da. Alde batetik, larritasuna eta mina ezin direlako ezabatu: terapia ez da eta terapiak ez du izan nahi exorzismo bat. Eta, beste alde batetik, besteengan utzita geneukan erantzukizuna geure gain hartuta has gaitezkeelako onartzen dagokigun protagonismoa eta lekua. Horrek ez dauka zerikusirik bizitza gure borondateak gobernatzen duelako ustearekin (“nahi duenak ahal du” mantrak jasotako ustearekin), ez eta bizitza norbere artelana delako ustearekin ere.
2. Zure bizitzaren gaineko lema eta kontrola ematen dizu. Autosufiziente egiten zaitu.
Protagonista bihurtzeak ez gaitu jabe bilakatzen, ez digu ematen bizitza geure gustura moldatzeko botererik. Gure eskura dagoena (eta, besteak beste, horretarako lan egiten dugu terapian) hau da: zalantzan jarri eta deskubritu dezakegu norbere partea edo norbere inplikazioa zein den eta zer gertatzen zaigun sufrimendua eragiten digula usten dugun horrekin. Nolabait, kontua da kexuaz harago joatea, “egiten didate” edo “ez didate uzten” horretatik harago joatea, eta norbere buruari galdetzea ea zerk eragozten ote didan zerbait egitea. Norbere oztopoa zein den deskubritzea da gakoa.
Kontua da ziurtasun batzuk desegin egiten direla. Alde horretatik, prozesuak ez dauka zerikusirik puntu finko batera iristearekin, baizik eta galderak eta zalantzak etengabe planteatzen dituen espiral edo kiribil itxurako garapen bat lortzearekin. Eta hori guztia, autokonplazentziatik urrun lortzen da, erabateko ziurtasunetatik eta bakoitzak azkenik bere burua ezagutzen duelako irudipenetik urrun.
Beraz, terapian, lortu nahi dena zera da: norbanakoa inguruaren sostenguaren peskizan egon beharrean, norbere barne sostengua garatzea (autosostengua). Beste era batera esanda, terapian bilatzen dena da bestea aldatzeko itxaropenetan egon beharrean norbere burua norberak sostengatzea eta onartzea. Hori esanda, jakina, ez dut esan nahi jarrera indibidualista, atxikimendurik gabea eta superbotereduna izan behar denik, bere burua autosufizientetzat jotzen duena eta ahultasuna ukatzen duena, bizitza norbere eskuetan dagoela uste duena, norbera norbere bizitzaren sortzaile eta Jainko dela uste duena. Ez naiz ari erlijio mota berri horretaz, baizik eta norbere ahotsarentzat sostengu bilakatzeko arriskua hartzeaz: biktimismoa zalantzan jartzeaz, erruduntasuna edo besteekiko ezkutuko exijentzia dudan jartzeaz, eta nork bere askatasunaren gaineko erantzukizun osoa onartzeaz (norbere askatasuna, jakina, besteekin partekatutakoa izaten da). Kontua ez da ez bestea ez norbera justifikatzea; kontua ez da nor bere bizitzaren erabateko jabetzat hartzea, ez eta ihes egitea edo norbere burua bizitzaren jarioaren mende uztea ere. Kontua hau da: bestearengandik bereiztea eta, aldi berean, norbera izatea besteekin batera; izan ere, azken batean, lotura gara.
0 Comentarios