Psikoterapia tratamendu psikologiko bat da, eta hainbat paradigma eta teoria aintzat hartuta gauzatzen da, zenbait baliabide klinikoren bitartez. Kontzeptu erraldoi horren barruan, hainbat modu daude psikoterapia zertarako den eta nola egiten den ulertzeko; hain zuzen, psikoterapiez hitz egin genezake, pluralean. Ondorengo ataletan psikoterapia ulertzeko eta praktikatzeko neure modua azaltzen ahaleginduko naiz, jakinda, ororen gainetik, praktika bat dela: esperientzia partikular eta intimo bat da, eta berau ulertzeko, bizi egin behar da, ez dago beste modurik.
Gauza bat da piskoterapiari buruz hitz egitea eta beste bat, oso ezberdina, psikoterapia nork bere azalean bizitzea. Hala eta guztiz ere, eta nahiz eta aitortu badagoela arrakala bat esperientzia psikoterapeutikoaren eta psikoterapiari buruz hitz egitearen artean, interesatzen zaidana da galderak egitea, suposizioak zalantzan jartzea, desberdintasunak argitzea eta xehetasunak aintzat hartzea. Gustuko dut psikoterapiaren inguruan eztabaidatzea, galderak egitea eta psikoterapia ohiko esparruetatik eta ikusmoldeetatik ateratzea, arnasa ematea.
0 Comentarios